Kirolari durangarrak laugarren postua lortu du sprintean eta hamaikagarrena banderetan, hainbat hilabetez lesioak gainditu ondoren.
Irailaren 4tik 6ra bitartean, Hondartzako Sorospen eta Salbamenduko Espainiako Txapelketa Absolutua hartu zuen Razoko hondartzak. Hitzordu nazional horretara joan zen Ibai Rodriguez. Bi lesiok markatutako denboraldi baten ondoren, urteko bere lehen txapelketa nazionalari egin zion aurre.
Ostiralean hasi zen asteburua. Lehen jardunaldi horretan, Ibaik erraz gainditu zituen bandera-probako final-laurdenak eta finalerdiak, igandeko finalerako txartel zuzena lortuz.
Larunbatean, bere diziplina gogokoenetako baten txanda heldu zen: sprinta. Parte-hartze handia zela eta, finalera iristeko hiru kanporaketa gainditu behar ziren (zortzirenak, final-laurdenak eta finalerdiak). Ibai azken hitzordura iritsi zen, aurreko serie guztietan lehenengo sailkatu ondoren. Finalean, lasterketa estu baten ostean, Rodriguez podiumaren atarian geratu zen, laugarren postu txalogarri batekin, domina nazionalak laztanduz. Igandeko jardunaldian, berriz, bandera-finalean, pilatutako nekea nabaritu zuen eta hamaikagarren postuan itxi zuen bere parte-hartzea.
Tabirako kirolariak ‘gazi-gozotzat’ jo du txapelketa, ez baitzituen bilatzen zituen emaitzak lortu, baina pozik agertu da minik sentitu gabe berriro lehiatu delako.
Tabira Igeriketa Taldearen egutegiak badu data bat gorriz markatuta: datorren abenduan Hegoafrikan jokatuko den Salbamendu eta Sorospeneko Munduko Txapelketa. Bertan, Ibai Rodriguezek Gontzal Gago taldekidearekin partekatuko du espedizioa.
Etsi beharrean, sorosleak Espainiako Txapelketa hau baliatu du hitzordu handiaren aurretik hondarretan konfiantza irabazteko. Datozen hilabeteak lan gogorrekoak eta entrenamendu zehatzekoak izango dira Hegoafrikako lurretara ahalik eta ondoen iristeko, planetako onenekin neurtzeko prest.